Sukalde-zientzia tailerrarekin abiatu dira Etxebarrin Nerbioi-Ibaizabal eskualdean emango diren Bizilabe zientzia- eta teknologia-tailerrak. Tailer honetan sukaldaritzako errezetak zientzia-esperimentu bihurtuko dira eta sukaldaritza tradizionalaren eta garaikidearen atzean dagoen zientzia ezagutuko dute tailerrean parte hartuko duten gazteek.

Asteburuan Zeberioko, Ugao-Miraballeseko, Arrigorriagako eta Orozkoko gazteek emango diote jarraipena Bizilabe Nerbioi-Ibaizabaleko tailerrei. Zeberion ere Sukalde-zientzia tailerra eskainiko da eta Arrigorriagan eta Orozkon CSI tailerra. Azken honetan, misteriozko istorio batean oinarritzen da eta pistei jarraituz argitu beharko dute enigma parte-hartzaileek, horretarako, bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak eginez. EHUko mikrobiologiako ikerketa-taldeko kideek gidatuko dituzte saio hauek.

Ugao-Miraballesen, ordea, “Kriptografia eta kode sekretuak” tailerra egingo da. Kriptografian aditua den ikertzaile baten laguntzarekin ezkutuko mezuak idazten eta irakurtzen ikasiko dute eta Escape-room bat sortuko dute.

Martxoaren 26an, Urduñan STEAM Challenge tailerra hasiko da. Tailer honetan gazteek zientzia, teknologia eta programazioarekin erlazionatutako hainbat esperimentu eta ekintza egingo dituzte. Eta azkenik, apirilean, Basaurin eta Galdakaon CSI tailerra eskainiko da.

Oraindik ere, Urduña, Basauri eta Galdakaoko tailerretan parte hartzeko izena-ematea zabalik dago. Beraz, animatu eta parte hartu!

URDUÑA (STEAM challenge):

  • Hasiera eta bukaerako datak: 2021/03/26 – 2021/04/30
  • Ordua: 18:00 – 20:00
  • Tokia: Alondegian
  • Izen-emateak eta informazioa: kultura@urduna.com

BASAURI (CSI tailerra)

  • Hasiera eta bukaerako datak: 2021/04/16 – 2021/05/14
  • Ordua: 18:00 – 20:00
  • Tokia: Basozelai 11
  • Izen-emateak eta informazioa: zirtzart@basauri.eus

GALDAKAO

  • Hasiera eta bukaerako datak: 2021/04/16 – 2021/05/14
  • Ordua: 18:00 – 20:00
  • Tokia: Plazakoetxe 1.txaleta
  • Izen-emateak eta informazioa: topaguneak@argizai.org

Aste santu ondoren online tailerren txanda iritsiko da, beraz, adi! Informazioa eta izena emateko epea laister argitaratuko dira eta.