Noticia

13 Feb

Bizilabe STEAM Festibala

“Bizilabe STEAM Festibala”, gazteentzako zientzia eta
teknologia jaialdia, ospatuko da larunbat honetan Basaurin.

 

Nerbioi-Ibaizabaleko gazteek eta ikertzaile profesionalek gidatutako zientzia eta teknologia-tailerrek, ginkana-zientifikoak edota “Escape-room”-ak, osatuko dute egitaraua. Lorea Argaratek (Las Tea Party) emango dio amaiera jaialdiari.

 

Larunbat honetan, otsailaren 15ean, 17:00etatik aurrera, Basauriko Solobarria Plazan egingo da “Bizilabe STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) Festibala” .

2019ko urrian abiatu zen “Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal” ekimena eskualdeko zazpi herritan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdeko udalen lankidetzaren emaitza den Gaztedi Nerbioi-Ibaizabal proiektuaren baitan. Guztira, lau hilabeteetan zehar 9 zientzia eta teknologia-tailer eskaini dira herri hauetako udal gazte-lokaletan: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zeberio.

14-17 urte bitarteko gazteek, lau saioetan zehar, gaian aditu den ikerlari baten laguntzaz, denetariko zientzia- eta teknologia-jarduerak burutu dituzte. Hilabete hauetan ikasitakoa, otsailaren 15ean Basaurin egingo den STEAM Festibalean erakutsiko dute eta bertaratzen diren herritarrek gazteek egindako tailerren dastatzea egiteko aukera izango dute: DJ lanetan jarduteko, mugikorretarako aplikazioak sortzeko, marrazketa-zientifikoan barneratzeko, energia esperimentu ikusgarriak egiteko, berrerabilitako materialez gailu berriak eraikitzeko, etab. Gainera, Lightpainting-a burutzeko karpa ilun bat ere egongo da.

Tailerren guneaz gain, Arrigorriagako gazteek gidatutako Escape-Room -a egongo da ere. Bertan, gazteek sortutako erronkak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. 18.00-19.30etara, ordea, ginkana-zientifikoa egingo da. Kasu honetan, Ugao-Miraballeseko gazteak izango dira gidari, hainbat begiralerekin batera. Escape Room-a eta Ginkana-zientifikoa 14 urtetik aurrerako gazteei zuzenduta daude eta tokiak bete arteko aukera egongo da bertan parte hartzeko.

Bestalde, bertaratzen garen guztion artean, Lightpainting Performance bat egingo dugu eta, azkenik, Las Tea Party DJ bikoteko Lorea Argaratek (DJa eta Bizilabe tailerretako ikerlari profesionala, telekomunikazio-ingeniaria) kontzertutxo batekin itxiko du festa.

Arratsalde osoan zehar, STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) Hezkuntza arloaren inguruko dibulgaziorako txokoa ere egongo da.
“Bizilabe STEAM Festibalak” lehen tailer zikloari amaiera emango badio ere, “Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal”, Nerbioi-Ibaizabaleko Udalen eta Elhuyarren arteko lankidetzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz, aurrera darrai. Besteak beste, eskualdeko gazteen STEAM diagnosia egingo da datozen hilabeteetan, gazteek STEAM arloarekiko eta STEM profesioekiko duten pertzepzioa jasotzeko.