Nerbioi-Ibaizabaleko 59 gaztek hartu dute parte enplegua sustatzeko Gazte Indarra programan. Eskualdeko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da, xede duena erantzuna ematea eskualdeko gazteriari buruzko azterlan-diagnostikoaren ondorioz antzemandako beharrizanei. Finean, GAZTE INDARRA programaren helburu orokorra da langabezian dauden eskualdeko 16-29 urteko gazteak lan-munduratzea. Horretarako, orientabidea, prestakuntza, azterlana eta lan-bitartekaritza barne hartzen dituen laguntza-prozesua eskainiko dizkie ekimenak Arakaldoko, Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Urduñako, Orozkoko, Ugao-Miraballeseko, Zaratamoko eta Zeberioko gazteei.

Aipatu udalerriotako 325 gaztek jaso dute programari buruzko informazioa (Burdingintza Integraleko Langileen Fundazioak kudeatzen du egitasmoa, 2017ko azarotik 2018ko abendura bitartean), eta, horietatik, 59 hautatu dituzte (50 titular eta 9 ordezko). Udalerrika, honelaxe banatuta daude: gazteen % 42, Basaurikoak dira; % 17, Arrigorriagakoak; % 12, Etxebarrikoak; % 12, Ugao-Miraballesekoak; % 8, Galdakaokoak; eta % 9, Arakaldo, Urduña, Orozko, Zaratamo eta Zeberiokoak (% 1,8, udalerri bakoitzetik).

Programaren zerbitzu bakoitzean izandako parte-hartze eta emaitzei dagokienez, lan-orientazio zerbitzuan parte hartu duten 59 gazteek jaso dituzte orientazio-saioak, nork bere beharrizanen araberako maiztasunarekin (asteko saioak, hamabostean behinekoak edota hilean behinekoak). Bestalde, 13 gaztek hartu dute parte merkataritzako laguntzaile balioaniztunen prestakuntza-ikastaroan. Horietatik, 8k amaitu egin dute ikastaroa, bertaratze eta aprobetxamendu betearekin, eta gazte horiek, gero, praktikaldia egin dute benetako lanpostuetan. % 50ek (4k), lana lortu dute. Gaitasunen prestakuntzari dagokionez, 18 gaztek hartu dute parte honako gaitasun hauek jorratzeko programatutako ekintzetan: komunikazioa eta hautapen-prozesuak; lana bilatzea Interneten; eta LinkedIn.

Azterlanak eta lan-bitartekaritza ekintzak ere egin dituzte Gazte Indarra programan. 50 parte-hartzaileei lagundu, eta haientzako bitartekaritza-lana egin da. Bestalde, eskualdeko 2.022 enpresa biltzen dituen datu-base eguneratua egin da, udalerrika eta lan-sektoreka. Era berean, lan-bitartekaritzako doako zerbitzua eskaini zaie 964 enpresari (egindako datu-basearen kopuru osoa oinarri hartuta). Eta bitartekaritzan profila hobekien betetzen zuten gazteak hautatu dituzte. Azterketa eta lan-bitartekaritza horien ondorioz, 160 lan-eskaintza kudeatu dira, guztira.

Bitartekaritza-programan parte hartu duten gazteen % 40k (20 lagunek) lana lortu du: % 90, besteren kontura, eta % 10, berriz, beren kontura. Zenbait sektoretan ariko dira gazteak: automobilak, eraikuntza, ekoizpena, giza baliabideak, ostalaritza, merkataritza, biltegiak, posta-zerbitzuak, irakaskuntza, ingurumena, artxiboa eta dokumentazioa, laborategiak eta kultura.