Noticia

21 Sep

Gazteentzako zientzia- eta teknologia- jarduerak egingo dira Nerbioi-Ibaizabalen

Nerbioi-Ibaizabaleko 10 udalerrik eta Elhuyarrek hitzarmena sinatu dute, eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko helburuarekin. Urtea bukatu bitarte ekintza ugari egingo dira: tailerrak gazteguneetan, STEM emakumeen erakusketa ibiltaria, gazteen STEAM diagnosiaren aurkezpena eta “Parekoen Topaketa”.

 

Nerbioi-Ibaizabaleko hamar udalerrik (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberio) eta Elhuyarrek hitzarmena sinatu dute, Arrigorriagako udalean. Bertan izan dira Arrigorriagako Gazteriako zinegotzi Iratxe Rubio Gil, Elhuyar Zientziako koordinatzaile Garazi Andonegi Beristain, Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateko lehendakari Miguel Ángel Herrero eta hamar udaletako alkateak.

Hitzarmen honen bidez, eskualdeko gazteen artean STEAM gaien inguruko (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) interesa piztu nahi da. Arrigorriagako Gazteriako zinegotzi Iratxe Rubio Gilek adierazi duenez, gazteek joera gutxi dute halako ikasketak hautatzeko; neskek, batik bat. Zientzia eta Teknologia arloa eskualdeko eragile nagusienetarikoa izanik, zerbait egin beharra dagoela gaineratu du. Gazteen gehiengoak ez ditu lan-jarduera horiek ezagutzen, eta beharrezkoa da arloko STEM profesionalak haiengana hurbiltzea eta gertuko harremanak sortzea. Horrez gain, antolatu diren jardueren bidez, XXI. mendeko konpetentziak garatuko dituzte gazteek. Besteak beste, pentsamendu kritikoa, lankidetza-gaitasunak, sormena eta komunikazio-gaitasunak.

Garazi Andonegi Beristain Elhuyar Zientziako koordinatzaileak azpimarratu du, Nerbioi-Ibaizabal eskualdea Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen sarera batuko dela hitzarmen honen bidez. 2017an ireki zituen ateak lehenengo Bizilabe zentroak, Bilbon. Ordutik, sarea handitzen joan da, eta Elgoibar, Soraluze, Tolosa eta Villabona-Amasara hedatu da. Bizilaben, 10-17 urte bitarteko gazteek zientzia- eta teknologia-jarduerak egiten dituzte, aisialdian, arlo horietako profesionalen gidaritzapean. Bizilabe sareak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du.

Andonegik gaineratu du STEM arloa indartzeko lan honetan ezinbestekoa dela komunitate osoaren inplikazioa: udalak, ikastetxeak, aisialdi-taldeak, gurasoak, enpresak, etab. Horrez gain, gazteengan bizipenek duten garrantzia azpimarratu du. Hori dela eta, zientzia- eta teknologiarekin zerikusia duten hainbat jarduera antolatu dituzte datozen hilabeteetarako: tailerrak gazteguneetan, “NI STEAM emakumea” erakusketa eta “Parekoen topaketa”, besteak beste. Ekintza horien berri aurrerago emango da.